Testu hau Hik Hasi aldizkaritik atera dut oso interesgarria iruditzen zaidalako nerabetasunaren inguruan egiten dituen ekarpenak. Oso interesgarria iruditzen zait Jaume Funes psikologo Katalanak nerabetasunaren inguruan azaltzen duena. Elkarrizketa hau, hik hasi aldizkaritik, 1997. urteko 19. aletik aterata dago.
Nerabetasunaz hitz egiterakoan puntu desberdinak ukitu eta eztabaida daitezke, eta xede horrekin antolatu zuen Zarauzko PATek hitzaldia. Bertan, Jaume Funes katalana izan zen hizlaria eta azaleratutako ideia nagusienak bildu ditugu hurrengo lerroetan.
Nerabeez hitz egiten hasteko aniztasuna aipatu zuen Jaume Funesek. Nerabe desberdinak existitzen direla eta hori positiboa dela. Nerabe desberdin horiek eskolan daude eta denekin egin behar da lana. Ezin dira, guraso batek esaten zuen bezala, sagar erreak eta ustelak nahastu gabe eduki. Guztiak dira eskolako ikasleak, denak desberdinak, eta aniztasun hori oso positiboa da.
Bestalde, nerabe horiek eskolan daude, baina era berean gizartean. Eskola barruko mundua eta kanpokoa ezin ditugu banatu. Neska- mutilak produktu sozialak dira, hots, oraingoak eta hemengoak dira, eta faktore sozial horiek kontuan hartu behar dira. Asteburuan egin dutena aintzat hartu behar dugu, horrek astelehenean edukiko duten gogoan, animoan, umorean... eta klasean egiten dutenean eragina izango baitu. Beraiei buruzko ezagutza eguneratu behar dugu behin eta berriz. Ezagutza eta behaketa sistema batzuk eduki behar ditugu errealitate hau ikusteko eta gertatzen dena ulertzeko.
Horretarako nerabeak bilakaera etapa batean daudela kontuan hartu behar dugu. Nerabeak inguruak definitutako pertsonak dira, ez dira haurrak eta ezta helduak ere. Garai honetan laino batean sartzen dira, heldutasunera iristeko prozesu batean.
Etapa hau arazotsua izaten da, eta hemen bi gauzarekin egiten dugu topo: arazoak eta nerabeak. Garbi utzi behar da lehenengo nerabeak daudela eta gero arazoak, eta ez alderantziz. Lehenengo eta behin, nerabeak dira eta guztiek dute nerabeak izateko eskubidea. Arazoak sortzen badizkigute ere, lehenengo nerabeak dira. Normalean arazo bezala begiratzen ditugu eta ikuspegi hori aldatu beharra daukagu. Pertsona batek ate bat ostikoz puskatzen badu, psikopata dela esaten dugu. Eta nerabe batek egiten badu, deskontrolatua dela eta aurrean daukan guztiari errespeturik ez diola. Ikuspegi hori da aldatu behar dena; lehenengo nerabeak dira, eta arazoak gero datoz.
Hurrengo pausoa nerabe izateak zein zentzu duen jakitea izango da, zeintzuk diren egiten dutena esplikatzen duten klabeak, egiten dituzten gauzen zentzua. Dena dela, hori guztia etapa batean daudela aintzat hartuz egin behar da. Eta gauza asko etapari lotuta daudenez, ez dira desagertuko, aldatuko, neska-mutil horiek etapatik atera arte.
Horregatik, nerabeekin lan egiteak pazientzia edukitzea eta itxarotea suposatzen du bereziki. Hau da, egiten ditugun ekintza gehienek ez dute eragin zuzena eta berehalakoa, etaparen bukaerara iristen direnean ikusten dira. Gure seme-alabak aldatuko dira, baina ez orain, gero baizik. Guk orain ideia batzuk transmititu behar dizkiegu eta gerora ikusiko dugu horien eragina.
Nerabeengana hurbiltzen den edozein heldu hezitzailea da, eragina du nerabe horrengan. Helduak nerabeentzako eredu gara, helduak izateko proiektuak, baloreak, irudikatzen ditugu, gustatu ala ez, gutxiago edo gehiago, positiboki edo negatiboki.
Nolakoak dira nerabetasuneko aldaketak?
Hezkuntza Sistema bilakaera zikloen arabera planteatuta dago, bizitzan etapa desberdinetatik pasatzen garelako. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu, ez gaude beti hazten. Ezaugarri hauek direla eta, horretara moldatzen da hezkuntza. Etapa bakoitzaren berezitasunak ezagutu behar ditugu nola hezi jakiteko.
Nerabetasunera pasatzeko etaparen aurrean normalean zera galdetzen diogu geure buruari: nolakoa da helduekin duen erlazioa? Zertarako balio du irakasleak? Nolakoak gara gurasoak beraiekin? Zertarako balio dugu? Etapa berekoekin ere konparatzen ditugu, hots, beraien lagunekin. Eta pentsatzeko modua, beraien emozioak, afektiboki nolakoak diren ere aztertzen dugu. Nerabetasunak bizitzako zati garrantzitsu bat suposatzen du eta urte horietako esperientziak, bizipenak, aukerak, harremanak, ezagutzak... euren geroa baldintzatzen dute. Etapa horretan hezkuntzaren eragina ere nabaria da.
Gutxigorabehera egonezin puntu batean aurkitzen direla esan daiteke. Trantsizio etapa batean daude eta ez dira seguru sentitzen. Ez dira benetan pertsona sentitzen; zer naiz, zer izango naiz... aukeratu beharra daukate eta inguruneak baldintzatuta hartu beharreko erabakia da.
Garai honetan nerabeen mundua espresio emozional handiz betetako mundua da: oihu handiak, negarra, farra, bronka, parranda... Espresioak gidatzen du batez ere, baina faktore gehiago ere badaude, eta horiek ere kontuan hartu behar dira.
Helduekiko harremana
Zer zerbitzu egiten diegu helduok nerabeei? Zer egiten dugu beraien ondoan? Helduok bi gauzatarako balio dugula esan daiteke:
1- Frontoiko horma bezala jokatzeko; pelota bota eta itzultzeko, hormarik gabe ezin baita bueltatu.
2- Gertuko pertsona bezala eredu izateko.
Baina nerabeekiko erlazioa ez da batere erraza. Ez dira haurrak eta ezta helduak ere. Etxean gauza batzuetarako haur kontsideratzen dira eta besteetarako ez. Haurrak ez direla erakusten saiatzen dira eta helduekin norgehiagoka sistema mekanikoan sartzen dira. Materialki ezinezkoa da nerabeekin bizitzea eta norgehiagokarik ez izatea. Askotan eztabaidak nondik sortzen diren ere ez gara ohartzen. Guk heldu bezala zerbait arrazoitzen dugu eta horri heltzen diogu behin eta berriz. Nerabeek, ordea, ez dute onartzen. Bilatu, probokatu egiten gaituzte euren nortasuna baieztatzeko behar gaituztelako.
Zer gertatuko litzateke gazte bat modaren arabera jantziko ez balitz? Bere etxean bizi bada eta kresta jartzerakoan inork ezer esaten ez baldin badio? Edo kalean inork begiratzen ez baldin badio? Eta inor ez denean berarekin sartzen, inor beldurtzen ez duenean? Miseria suposatuko luke, nerabeak probokatu beharra baitauka. Zertarako balio dio ikasle bati irakaslea probokatu nahi duenean honek kasurik ez egiteak? Gatazka hauek nerabeekiko harremanaren zati dira, erlazio hori osatzen dute. Eta guk gatazka horiek onartu egin behar ditugu.
Gakoa zera da: zenbat gatazka eduki behar ditugun eta zein gatazka mota. Ondorengo eztabaida gatazka horiek nola bideratu, zein estrategia erabili izango da.
Ikastetxean arau batzuk ditugu eta horiek betetzen ez baldin badituzte gatazka sortzen da. Horrelako kasuetan arau horiek baloratu behar ditugu. Denak dira garrantzitsuak baina ez balore berekoak. Horregatik, gatazka noiz den komenigarria aztertu behar da.
Baina nola jokatu behar dugu horrelako kasuetan? Esate baterako, irakasle bat sintagma nominala zer den azaltzen ari denean, atzeko ilarako ikasleak "a ze txorrada" esaten baldin badu, zer egin behar du irakasleak? Borradorea hartu eta bota, ezer ere egin gabe aurrera jarraitu, haserretu, ikasketa buruarengana bidali, hurrengo egunean eztabaidatu gaia... Zein estrategia erabili behar da? Zer espero du nerabe horrek? Bere eremua markatu nahi duen gelako liderra al da? Ala momentu horretan nabarmendu nahi duen gizarajoa? Egoera hori modurik egokienean nola bideratu dezakegun jakitea da estrategiak bilatzea.
Horrek, batzuetan, komunikatzea eskatzen du: esplikatzea, hezitzaile izatea. Guraso asko krisi puntu batera iristen dira; guraso txarra naiz, ez dakit zer egin, zer egin ote dut gaizki... eta antzeko pentsamenduak etortzen zaizkie burura. Irakasleak ere, bakoitza bere klasean sartu, eta horretara mugatzen gara.
Nerabeekin hitz egin behar da, gauzak esplikatu egin behar zaizkie, beraien jarrerak eta jokaerak ezagutu behar ditugu eta estrategiak elkar trukatu. Adibidez, nola negoziatzen duzu etxera etortzeko ordua? Bila joaten zara, lo egiten duzu, berandu etortzen baldin badira bronka botatzen diezu... estrategia horiek eztabaidatu behar dira etxean.
Eta eskolan gauza bera. Beraiekin egon, hitz egin, eztabaidatu behar dugu. Beraiengandik gertu dagoen pertsona positiboa izan behar dugu, beraiek sentitzen dutenaz arduratzen garenak, krisi egoeratan laguntzeko prest gaudenak, nerabeak gatazka bezala ikusten ez ditugunak. Gertutasuna, sinpatia, behaketa, egunerokotasuna, elkarbizitza egon behar du. Eskolan ikasleen arazoez hitz egiteko ordutegi finkoak daude, baina horrez gain, egun osoan zehar erlazioak lantzeko uneak daude.
Nerabeak eta taldeak
Nerabeen taldeak ez direla existitzen esan ohi da, baina ez da egia. Nerabeak bakarka ez dira ezer, gauza gutxi egiten dituzte bakarka, beti erreferentzia talde batean jokatzen dute. Talde horretan euren arteko erlazioa dago. Taldea nerabeen lan eremuko hezkuntza espazio klabe bat da.
Taldea gazte berdinen sekta da, elkartasunaren espazioa, antzeko esperientziak bizitzeko espazioa. Batu egiten dira eta arazoak dituztenean ere lagunengana jotzen dute. Inoiz ez dugu lortuko nerabe batek, helduen eta bere taldearen artean aukeratu behar badu, helduak aukeratzerik. Horrelako egoeren aurrean taldearengana hurbildu behar dugu eta taldea bideratu.
Taldeak desberdin jokatzeko aukera ematen dio nerabeari: harro, langile, alfer, basati, umil, maltzur... Helduen aurrean, ostera, beti berdinak dira: serioak. Bigarren Hezkuntza oso eremu erakargarria zaie paper desberdinak jokatzeko, familia girotik at, gauza berriak probatzeko gune egokia da.
Hace 7 meses
No hay comentarios:
Publicar un comentario