NERABEAK ARRISKU EGOERAN

NERABEAK ARRISKU EGOERAN
Blog hau, gaur egungo nerabeak pairatzen dituzten arazoak eta beraiek planteatzen dituztenei aurre egiteko gida bat bezala planteatu nahi nuke. Bertan artikuluak, web orri zein blog interesgarriak azalduko ditut eta arazo hauei aurre egiteko ekarpenak plazaratzeko foro bezala planteatu nahiko nuke.

2010/01/13

Autoritatea. Mugak jarri ezinik

Oso interesgarria iruditu zait autoritatearen inguruko artikulu hau zeinak azalpen nahiko argiak eta argiaztagarriak ematen dituen. Ea gustatzen zaizuen eta zerbaitetarako balio dizuen. Hik Hasi aldizkaritik atera dut.
*Iturria: Ernesto Maruri. "Agintea aginpidea da". Seme-alabak aldizkaria, 7. alea, 2004ko martxoa.

Mugak jartzea, EZ esaten jakitea, horixe da egun gurasoei gehien kostatzen zaien gauzetako bat. Alegia, beren autoritateari fobia dietela gaurko helduek. Kontsumoaren eta "libertatearen" gizarte honetan, izan ere, zaila da mugak zerbait aurrerakoi bezala aldarrikatzea. Gaur "libre" izatea ardurarik ez hartzea baita, nahi duzunean alde egitea, nahi duzuna izatea ("izan" eta "eduki", aditz bera dira kontsumoaren gizartean). Mugarik ez, loturarik ez, erantzukizunik ez. Etxeak Peter Pannez beteta. Ikusi erlazioanaturiko artikuluak
Ikusi erlazionaturiko materiala
Mugarik eza askatasunarekin nahastean



Autoritate hitza autoritarismoarekin nahasten da gaur, larderiarekin, inposizioarekin. Eta izatez, autoritatearen definizioa zera da: "Agintzeko eta obeditua izateko eskubide eta boterea. Norbaiti gai batean aitortzen zaion sinesgarritasuna; pertsona hori bera" (Elhuyar-en Hiztegi Entziklopedikoa).

Gizartean egun dagoen autoritate krisia erregimen faxistaren pean 40 urtean bizitzeak ekarri duen ondorioa da, hein batean. Hala azaltzen du Javier Elzok, Deustuko Unibertsitateko Soziologia irakasleak: "Horri trantsizioa egin zuen belaunaldiak 68ko maiatzeko maxima ezarri zuela gehitu behar zaio, 'debekatzea debekatuta' zioena. Horrek eskubideen gizarte mota bat ekarri du, eskubideei dagozkien betebeharrik eta erantzukizunik gabea. Inork ez du ezeren ardurarik hartzen, erantzukizun denak besteengan uzten dira. Familian ere berdin, jakina. Ezer okertzen denean errua eskolarena da, telebistarena, gizartearena, bestearena (aitarena, esango du amak, eta alderantziz). Seme-alabak eskubideen subjektu soil bihurtu dituen klima batean hezi dira, eta arduren subjektu, berriz, apenas diren. Esne-mamitan ditugu... nahiz eta oso denbora gutxi eskaini, egiak esaten hasita".

Autoritarismoan erortzeko beldurrez beste muturrera joan gara: autoritate izpiena ere debekatu, desagerrarazi dugu. "Gaur inork ez du autoritaterik eduki nahi -baieztatzen du Polaino irakasleak-, inork ez du ezer pertsonalizatu nahi, hobe masa anonimo eta formarik gabea izan, hartara ez baikara ezeren erantzule. Hori helduoi gertatzen bazaigu, nola eskatu gero haur bati irakaslea errespetatzeko, bere gurasoek sekula ez dutenean autoritaterik gauzatu haur horrekiko?".

Autoritaterik ez badago, haurrak ez du erreferentziarik eta gobernua berak hartu behar du. Eta kaosa sortzen da. Autoritatea hartzea kostatzen zaien gurasoentzat, badirudi haurra pozik eduki behar dela beti, eta berehala, gainera. Haurra zapuzten den bakoitzean zerbait egin behar da pozik egon dadin. Ondorioak, ordea, ez dira hain gozoak haurrarengan, adituek diotenez: gutiziak eta maniak izateko joera edukiko du, eta arazoak izango ditu frustrazioei aurre egiteko, itxaroteko, ahaleginak egiteko, bere burua lasaitzeko eta haserrea kontrolatzeko.

Erreferente falta

Seme-alabek bizitzarako balioko dieten erreferenteak behar dituzte, eta erreferente horiek eskaintzea gurasoen funtzioa da, eskolarena baino gehiago. Horrek ez du esan nahi gurasoek autoritarioak izan behar dutenik (benetako autoritatea komunikaziotik eta eredu izatetik dator), baizik eta familiek berreskuratu egin behar dutela euren seme-alaben heziketan duten paper nagusia. "Nork hezitzen du egun? -Javier Elzoren hitzak dira- Gurasoek ez, biek kanpoan lan egiten dute-eta. Eskolak ere ez, eskolari notak eskatzen baitzaizkio, heziketaren gainetik. Gaurko sozializazioan garrantzitsuenak lagunak dira, kalea. Telebista bera baino gehiago. Baina lagunek ere behar dute erreferentzia helduago bat. Gaur gaztea izatea oso zaila da, norberak bere eredua egin behar baitu erreferentziarik gabe. Taparik gabe milaka piezako puzzle bat egitea bezala da. Zeuk asmatu behar duzu zeure proiektua, zeu bakarrik zara zeure buruaren erreferente, eta oso gogorra da hori. Etorkizuna oso irekia dago, ez dago mugarik, badirudi nahi duzuna izango zarela, eta ez, ez da hain erraza".

Psikiatraren kontsultara jotzen duten nerabe asko eta askoren arazo iturria, gurasoen autoritate falta omen da. Bartzelonako Sant Joan de Déu Hospitaleko psikiatria buruak, José A. Aldak, horixe azpimarratzen du: "Gurasoarena egin beharrean koadrilakoarena egiteko joera egon da, eta hori erosoa da, baina ez da komeni dena. Gauza bat da hurbilekoa izatea, eta beste bat da paperak aldatzea. Nerabeak sekula ez dira gaur bezain galduta egon". Froga moduan bere ospitaleko datuak jartzen ditu: sei urtean, psikiatriako larrialdi zerbitzuetara jo dutenen kopurua hiru aldiz biderkatu da. Horietatik % 30 jarrera nahasteek betetzen dute (agresibitatea, biolentzia pasarteak, nortasun gorabeherak). Kasuen % 23 antsietate krisiengatik da. Eta gainerako % 15 suizidio saiakerek osatzen dute. José A. Alda psikiatraren arabera, suizidio saiakeren kopuruak gora egin du, eta kasu askotan, gaztea heriotza desio izatera daramaten arazoak beste garai batzuetan jasateko modukoak izango omen ziren. José A. Aldak hala dio behintzat: "Gaurko nerabeak beste belaunaldiak baino gutxiago daude ohituta esfortzura, eta frustrazioa onartzeko ezintasun larri baten aurrean gaude".

Frustrazioaren belaunaldia

"Frustrazioaren belaunaldia da gaurkoa. Egun ezinezkoa den kontsumo batera bultzatzen gaituzte etengabe, eta nerabea gatazkan sartzen da berak desio duenaren, munduak desio behar duela esaten dion horren eta benetan lortu dezakeenaren artean. Orduan tentsio puntua azaltzen da, eta biolentzia". Jaume Funes psikologoak esana da. Kontsumoaren gizarte honek, indibidualismoaren gizarteak, sortzen dizkigun nahiak, desioak, jomugak ez datoz bat gure aukera errealekin, eta desoreka horrek etengabeko frustrazio egoera sortzen du. Paulino Castells-ek "depresiora kondenatutako gazteria" izendatu du gaurkoa, eta halaxe du deskribatzen: "Bulkadak kontrolatzeko kapaz ez diren gazteak, beren desioekiko frustraziorik txikiena ere onartzen ez duten gazteak, egunetik egunerako berehalakotasunean sartuta bizi diren gazteak. Hazteari eta gurasoen etxea uzteari beldurra. Homo ludens -bizitza jolasa da- eta homo videns, pantailei itsatsita. Boterez gainezka dauden gero eta gazte gehiago pasatzen dira kontsultatik, familiaren manipulatzaile direnak, gurasoak dardarka dituztenak. Mutikook, ezagutzera iristen zarenean, zer izango eta ziurtasunik gabeak dira, erabat. Agintzaileak bai, baina barrutik ziurtasun falta totala. Gajoak. Zeren, gainera, esan egiten baitizute: 'nik ez nuen hainbeste botererik nahi, eman egin didate gurasoek, nik mugak jarriko zizkidaten gurasoak nahi nituen'. Eta hori egunero ikusten dut kontsultan".

Gurasoen etxean bapo

Egunero dirua poltsikoan, logelan zure telebista, ordenagailua eta Internet... "Aukera gehiegi izateak, askotan, zera eragiten die nerabeei: benetan galduta sentitzea -dio Alejandra Vallejo-Nágera psikologoak-. Eta baita ere, konkistarako gogo hori galtzea. Hain erraz lortzen dituzte helburuak, ez dutela ahalegina baloratzen. Ahalegin handi batek zeu bakarrik moldatu izanaren sentsazio indartsua ematen dizu, eta sentsazio gogor hori egun lanbrotu egin da, gure seme-alabek bitarteko gehiegi dituztelako euren alde".

Gurasoen etxetik gero eta beranduago independizatzea da horren adibide. Akaso amaren gonapetik ez alde egiteko motibo nagusiak etxebizitzen prezio neurrigabea eta lanaren egonkortasunik eza izango dira. Baina gaurko mentalitateak ere ez du askorik laguntzen; INJUVEk (Gaztediaren Institutuak) 2002an egindako iritzi sondeoak azaltzen duenez, Espainiako estatuko gazteen iritziz independizatzeko hilean 1.000 euro behar dira gutxienez. Gutxieneko kopuru hori, izatez, subjektiboa da, lotura zuzena baitu bere kasa bizitzearen truke gaztea eguneroko gastuetan egiteko prest dagoen murrizketekin.

Gazteak hain berandu emanzipatzeak bere ondorioak ditu gizarte mailan ere. Javier Elzoren hitzetan, "jada ez dago gazte kulturarik. Gurasoen baloreak eta gazteenak gutxi gorabehera berdinak dira, beti elkarrekin baitaude". Hainbeste urtean elkarrekin bizita, ez dago belaunaldi hausturarik. Gazte belaunaldiaren egitekoa aurrekoen eskemak haustea da, baina Elzok dionez, "egun gurasoek pentsatzen duten antzera pentsatzen dute seme-alabek, bizitza ikusteko molde bera dute".

Autoritate okerra

-Mugak ez jartzea haurra ez gogaitzeko.

- Ezetz esaten ez jakitea.

- Amore ematea ezetz esan ondoren.

- Arau-haustearen neurriko zigorra barkatzea, haurrak behin eta berriro eskatu duelako.

- Elkarrizketarik edo negoziaziorik ez izatea, edo berriketa hutsean erortzea.

- Asertzio, autoafirmazio jarrerak ez sustatzea.

- Emozioekin ez enpatizatzea.

- Aginduak ez betetzea.

- Koherentziarik eza gurasoen artean: batak debekatu egiten dio besteak egiteko esan diona.

- Ez entzutea. Entzun aurretik errieta egitea.

- Gero eta oihu ozenagoak egin behar izatea emaitzak lortzeko.

- Umilatzeko oihuak.

- Etiketak jartzea ("alfer hutsa zara", "zeurekoia zara...").

- Hizkera abstraktua erabiltzea.

- Ahalegina kontuan hartu gabe emaitzak exijitzea.

- Konparazio gorrotagarriak egitea.

- Haurrarekiko errespetua galtzea, gurasoek eurentzako espazioak izan ditzaten.


Autoritate positiboa

- Mugak jarri eta haurraren haserraldia jasatea.

- Hitz egitea eta negoziatzea. Baina batzuetan, hitz egin eta entzun ondoren, gurasoak egokitzat jotzen duen arauari eutsi behar dio. Ez da egokia amaierarik gabe hitz egiten jardutea.

- Salbuespenak kontuan hartzea.

- Haur bakoitza ezberdina dela kontuan izatea.

- Arau malguak, hazkuntzari egokitzen doazenak, gero eta autonomia gehiago emanez.

- Entzutea.

- Emozioekin enpatizatzea.

- Haurrak amorratzen duen arau baten aurrean sufritzen badu, bere onerako dela jakitea. Batzuetan "gogorra" izatea maitasun ekintza da.

- Gurasoen artean ados jartzea, haurrei mezuetan kontraesanik ez adierazteko.

- Hizkera argia eta zehatza erabiltzea.

- Eman denbora ikasteko. Ez exijitu gehiegi.

- Etsenplua ematea norberaren jarrerekin.

- Haurrari bere ekintzen ondorioak bizitzen uztea.

- Mementoan zerbait egin behar bada, sermoirik ez: ekin.

- Baloratu haurrak hobetzeko egiten dituen ahaleginak.

- Onartu zeure akatsak. Esan haurrari zer sentitzen duzun, nahastu egin zarela zeure onetik atera zarelako...

- Baloratu haurrak autoafirmatzeko dituen jokabideak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario